XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

17. Gaia

Indar elektroeragile induzitua. Faradayren legea

Aurkibidea: 17.1. Faradayren legea. Indar elektroeragile induzitua eta korronte induzitua. 17.2. Lenzen legea.-17.3. Espiran induzitutako indar elektroeragilea.-17.4. Sorgailuaren eta motorearen eskema. 17.4.1. Sorgailua. 17.4.2. Motore elementala.-17.5. Alternadore elementala.-17.6. Dinamo elementala.- 17.7. Motore elementala.

17.1. FARADAYREN LEGEA. INDAR ELEKTROERAGILE INDUZITUA ETA KORRONTE INDUZITUA

Energia elektrikoaren produkzioa, bai dinamoen bidez, bai alternadoreen bidez, indukzio elektromagnetikoaren oinarrizko printzipiotan oinarritzen da.

Beraz, indukzio elektromagnetikoaren fenomenoak makina elektrikoen garapenaren abiapuntu direla esan daiteke.

Fenomeno hau ulertzeko ondoren deskribatuko diren saiakuntzak egingo ditugu.

Horretarako I luzerako eroale zuzen bat erabiliko dugu, euskarri eroale baten gainean higitzeko gai dena, iman batek sortutako eremu-lerroak moztuz.

Zirkuitua ixteko galvanometro bat jarriko dugu, zirkuituan zehar korronterik dabilen ala ez adieraziko digularik.

Lehenengo bi irudietan ikusten denez eroalea norantza ezberdinetan higituz zirkuitu elektrikoan norantza ezberdineko korronteak sortzen ditugu.

Hirugarren, laugarren eta bostgarren irudietan korrontearen balioa handiagotu egiten dela ikus daiteke (orratza gehiago desbideratzen da), abiaduraren handiagotzeari esker, eremu magnetikoaren handiagotzeari esker, eta eroalearen luzeraren handiagotzeari esker, hurrenez hurren.